Zabarrek reggae doinuak ekarriko ditu

Lezok Mendekoste jaiak ospatuko ditu bihartik igandera arte ohiko ekimenekin eta zenbait berrikuntzekin

Aitziber Mugaren erreportajea eta argazkia - Jueves, 17 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Bihar Lezo Mendekoste jaietan murgilduko da Zabarre pirataren ongietorriarekin. Urteroko ekimenak eta berrikun-tzak biltzen ditu aurtengo egitarauak. Berrikuntzarik nabarmenenak larunbateko Reggae Gaua eta igandeko kale antzerkia izango dira. Baina Udalak jaietatik at dauden mezuak ere zabaldu ditu: Udaletik jaiak arduraz eta errespetuz bizi-tzeko eta gozatzeko eta mendekostetan ere parekidetasunaren alde egiteko eskatu dute.

Esan bezala Zabarre eta piratak izango dira bihar protagonistak, baina larunbat goizean Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa egingo dute eta bigarren urtez jarraian motozaleen elkarretaratzea izango da. Gauean Jaig Taldea eta The Graps lezoar taldeek kontzertua emango dute. Ondoren, Reggae Gaua eskainiko dute Dantzall Sound, Polas Selektah, Sista Kata eta Bad Sound System taldeek.

Igandea dultzaineroen dianarekin esnatuko da. Aurrerago, emakume raketisten historia ezagutzera emateko partidua jokatuko da Bekoerrota kiroldegiko frontoian. Honen harira, gaur 19.00etan, dokumental bat eskainko da eta gaurtik maiatzaren 22ra erakusketa egongo da ikusgai, biak Kultura Aretoan. Igande arratsaldean kale antzerkia eskainiko du Markeline konpainiak, musika eskolatik abiatuta;Andante obra antzeztuko dute, 2015ean Leioako umore azokan Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria jaso zuena. Gaueko 21.45ean zezen-suzkoarekin emango zaie amaiera aurtengo Mendekoste jaiei.

Arestian aipatu bezala, festaz gain Udaletik azpimarratu dutenez, ardura eta errespetoa funtsezkoak izango dira aurten, “jai euskaldun, jasangarri eta parekideak izan daitezen”.

Eraso sexisten aurrean herritarrek jarrera aktiboagoa izan dezaten eta eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko helburuarekin, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina gauzatuko da. Horretarako, Indarkeriarik Gabeko Gunea jarriko da Gurutze Santuaren plazan bihar, 18.00ak eta 21.00ak bitartean. Honek helburu izango du eraso sexista, matxista, homo-les-trans+fobo eta arrazakeriarik gabeko jaiak aldarrikatzea. Herritar guztiei dei egiten zaie karpatik pasa eta bertan banatuko diren txapak, kartelak eta jaietako protokoloa jasotzera.

Egitaraua

Bihar. 19.00etan, Zabarre pirata udaletxera iritsiko da. 21.00etan Pirata afari autogestionatua Gurutze Santuaren plazan.

Larunbata. 9.30ean, motozaleen elkarretaratzea. 12.00etan, XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar. 12.30ean, Kantujira Aiton Bordatik abiatuta. 13.00etan, musika eskolako banda eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan. 18.00etan, XX. Sagardo Eguna Gurutze Santuaren plazan. 20.00etan, zezen-suzkoa Gurutze Santuaren plazan eta 23.00etan Reggae Gaua.

Igandea. 10.30ean, pintxo lehiaketa haur eta gaztetxoen-tzat Karlos Saldise plazan. 12.00etan, herri kirolak Gurutze Santuaren plazan.