GIZARTEA

Zarautz LGBTIfobiaren aurkako Egunarekin bat

Ainhoa Arregi, Gloria Vazquez eta Edurne Iribar. (A.R.)

Herriko bankoak margotuko dituzte ortzadarraren koloreekin eta astelehenerako hitzaldi bat antolatu du Udalak

Jueves, 17 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - LGTBIFobiaren aurkako Eguna ospatzen da gaur, eta Zarauzko Udalak aurten ere bat egingo du egun horrekin. Hala, Parekidetasun sailak zenbait ekin-tza egingo ditu egunotan.

“Garrantzitsua da identitate sexualaren aniztasuna aldarrikatzea eta ikustaraztea, norberak bere burua aske eta eroso sentitzea lortu behar dugulako gure gizartean, bere izaera ezkutatu gabe”, nabarmendu zuen Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.

Azken hiru urteetan bezala, Hezkidetza Foroaren baitan, Zarauzko ikastetxeetan Naizena naizela onartua leloa duen pankartak jarriko dituzte, eta udaletxean ere jarri dute banderola. Horretaz gain, aurten ekimen berri bat egingo dute, egunari ikusgarritasun gehiago emateko, eta ortzadar banderako koloreekin bankoak margotuko dituzte herrian. Zarauzko Udalaren aldetik, Torre Luzea parkeko banko bat margotuko dute gaur, 18.30ean, Parekidetasun kontseiluko kideekin eta herriko transexualak diren bi gazte eta beraien familiekin.

Bestalde, Udalak hitzaldi bat antolatu du datorren astelehenerako, 18.30ean Antoniano aretoan. Bertan haur eta gazteen transexualitateari buruz hitz egingo dute eta gonbidatuak honakoak izango dira: transexuala den Chloe Cruz zarauztarra, haur transexual baten ama den Ainhoa Arregi zarauztarra, eta Bea Server, Chrysallis elkarteko kidea, sexologoa eta haur transexual baten ama.

Zarauztar guztiek animatu dituzte ekitaldi honetara, “normaltasuna lortzeko egun hau ikustaraztea oso garrantzitsua baita”. - A.R.

Secciones