Punta-puntako moda

Duela egun batzuk Stylo aldizkariak Errenteriara egin zuen txangoa. Kapitain Etxera joan ginen zehazki, Jantziaren Zentroa ezagutzera. Jakin-min handiarekin, txirrina jo eta Ainhoa Mendiburu azaldu zitzaigun atearen beste aldean. Irribarre handi batekin, barrura sartzeko gonbita egin zigun, behe-solairura.

Amaia Arriaran - Miércoles, 16 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 18:18h.

Ainhoa, gure gida pertsonala, zentroaren arduradunetako bat da beste 9 lagunekin batera. Denak Iraultza dantza taldeko partaideak dira, zein 1996. urtean, taldearen 25. urteurrenarekin batera, jantzi bilduma bat egiten hasi zen. Urtero diru bat aurrezten zuten erakusketak, emanaldiak, hitzaldiak, etab. antolatzen eta udalaren partetik ere diru-laguntza bat jasotzen hasi ziren. Hori guztiarekin, bigarren eskuko azoka eta dendetan trajeak erosten hasi ziren eta gero, interneten etorrerarekin, aukerak izugarri zabaldu zitzaizkien. Duela urte bete zentroa irekitzea lortu zuten eta geroztik, jendea dohaintzak egiten hasi da. Azpimarratzekoa da hemen egiten den lan guztia boluntarioa dela.

Lehen areto honetako erakusketak behin-behinekoak dira, bi hilabeteko iraupenarekin gutxi gorabehera, eta ehunarekin zerikusia dute normalean: Iraultza dantza taldearen baserritar arropak, XVIII. eta XIX. mendeko jantziak..., hori bai, azken hauek zuriak denak. Ainhoak azaldu zigunez, horrelako zentroetan zuria den guztia ez da originala, kopia baizik, gainerakoetatik ezberdintzearren. Hau ikustea doakoa da;gehiago ezagutzeko, 3 euroren truke lehen solairura sarbidea irekitzen da. Beraz, igogailua hartu eta gorantz abiatu ginen, irrikaz.

Lehenengo aretora sartzera gindoazela, atearen alde banatan Xanti eta Maialenekin topatu ginen. Hitz gutxikoak, baina oso atseginak. Errenteriako erraldoiak dira, jada erretiratuak, eta Udalak 1919an enkargatu zituen haien buruak Madalenetarako. Badute zer ospatu, datorren urtean 100 urte beteko baitituzte.

Herri jantziak (1880-1920)

Barruan sartu orduko, gure begiradak jantzi jakin batetara zuzendu ziren: Erronkariko emakumea. Ekidinezina da, atentzioa deitzen duen horietakoa baita: kolore bizi askotarikoa eta bitxi ugarirekin. 1950. urtera arte egunero jantzi zuten horrelako bat Erronkariko kaleetan. Ainhoak azaldutakoaren arabera, hura jantzi ahal izateko, aitak eta amak Erronkarin jaioak behar zuten, eta Erronkari bailarako kanpoko batekin ezkonduz gero, seme-alabek traje hori eramateko eskubidea galtzen zuten.

Begirada zabalduz, guztira 15 jantzi daude areto honetan. 1880-1920koak dira, denak originalak, eta %90a familiek dohaintzan emandakoak. Oso deigarria iruditu zitzaigun beste trajeetako bat emakume zuberotarrarena da. Antzematen da Erronkari eta Zuberoako emakumeen jantziak ez direla ohiko baserritar jantziak bezala. Leku horietan beste arropa mota bat erabiltzen zuten, hotzagatik, Pirinio inguruko bailarak direnez gero.

Gainontzean, aipagarrienen artean Neguriko inude jantzi bat dago, aldamenean Legazpiko haur-kotxe bat duela, edota bi kaputxina, Lapurdikoak hauek. Emakumeentzako kapa beltz bat da kaputxina, hain luzea lurreraino iristen dela. Mezetara joateko erabiltzen zen 1890-1910 urteetan.

Jantziaren bilakaera (1740-1920)

Berriro ere igogailua hartu, hurrengo solairura igo eta nazioarteko modari errepasoa egiten dion aretoan sartu ginen. Hemen ere beste 15 jantzi daude, den-denak originalak, eta gure atentzioa gehien erakarri zuena Lapurdiko 1900eko traje bat izan zen. Denetan koloretsuena da, gorri korala, eta oso distiratsua. Bi piezakoa da: gona eta txanbra bat. Kuriosoena da aldamenean beste bi txanbra dituela ikusgai, eguneko une bakoitzerako;hiru konjunto beraz, bat goizerako, bestea arratsalderako, eta azkena, gaueko festetarako. Ez dakigu nork jantziko zuen, baina gerria inork baino finagoa zuela ziurtatu dezakegu.

Gainerako jantziak ere oso ikusgarriak dira. 1740tik hasita, Maria Antonietaren garaia, Yorkeko Howard gazteluko bikote baten jantziak adibidez. Bolumen handikoak dira, orrazkerak ez dira oharkabean pasatzen, eta hori gutxi balitz, buru gainean forma ezberdinetako objektuak daramate, zein baino zein arraroagoak (barku bat urrutira joan gabe). Ainhoak kontatu zigun emakume askok sutan amaitzen zutela, trajeek gazteluetako kandelak ukitzen baitzituzten.

Gainerakoan, Frantziako bost jantzi, Erresuma Batuko lau, Estatu Batuetako bat... zein baino zein ederragoak. Ikaragarria da erakusketa honen aniztasuna eta zaila egiten da sinestea dantza talde hau, musu-truk eta bere denbora librean, hainbeste ordu eskaintzea proiektu honi. Zerbait transmititu baziguten, jantziekiko duten pasioa eta gustu handia izan zen.