Axen Escalada japoniako ahozko tradizioan oinarritutako istorioak kontatzen dituen Rakugolaria

“Euskararen bidez kultura japoniarraren parte diren istorio eta xelebrekeriak zabaltzea oso pozgarria da guretzat”

Axen Escalada

Axen Escalada 2012an hasi zen Japoniako ahozko tradizioan oinarrituta dauden Rakugo istorioak kontatzen, Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarrak proposatuta

Jabi Leon - Martes, 15 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

azpeitia - Donostian jaio baina orain dela 25 bat urtetik Azpeitian bizi den Axen Escaladak behar bereziak dituzten haurrekin egiten du lan hezitzaile gisa;“ikasturte honetan Altzako ikastolan”. Lanetik irtetzerakoan, berriz, izugarri disfrutatzen du Arantzazu Maiz azpeitiarrarekin eta Maider Ibarguren zestoarrarekin batera Japoniako kulturaren parte diren Rakugo istorioak kontatzeko saioak prestatzen, beti ere, Hiromi Yoshida japoniarra Euskal Herrira urtero egiten dituen bidaiak aprobetxatuta, jendeaurrean taularatzeko.

Nola hasi zinen Japoniako kulturaren parte diren Rakugo istorioak kontatzen?

-Orain dela 20 bat urte, antzerkiaren munduan murgilduta nengoela, Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarra ezagutu nuen Azpeitian. Hiromik izugarri maite du euskara;hainbat ikerketa egin ditu euskarari buruz, liburuak euskaratu ditu... Egun batean Japoniako Rakugo istorioak euskaraz kontatzeko proposatu zidan, ideia polita iruditu zitzaidan, baietz esan nion eta handik gutxira berak euskaratutako hainbat istorio genituen prest. Hasieran bizpahiru emanaldi eskaini genituen bion artean eta hortik aurrera saio ugari eskaini ditugu Euskal Herriko hainbat lekutan gaztetan antzerkigintzan aritu ziren Arantzazu Maiz eta Maider Ibargurenekin osatutako ekipotxoarekin.

Rakugo ipuin japoniarrak dira?

-Ipuinak baino gehiago Japoniako ahozko tradizioan oinarritutako istoriotxoak edota xelebrekeriak dira;batez ere, ondo pasatzeko eta barre egiteko. Orain dela hainbat mende Japoniako aberatsek antzerkia eta bestelako ikuskizunak zituzten beren entretenimendurako baina herriak ezin zuen horretaz disfrutatu. Horregatik sortu ziren rakugolariak, herritarrak entretenitzeko.

Zuen emanaldiak, zer nolako publikoari zuzenduta daude?

-Haur eta gaztetxoak etorri izan dira gure saioetara baina emanaldiak helduentzat pentsatuta daude.

Zelakoa izaten da ikusleen harrera?

-Orokorrean oso ona. Dagoeneko liburutegietan, elkarteetan, euskaltegietan eta beste hainbat lekutan egin ditugu saioak eta jendeak nahiko barre egiten du.

Nolako saioak izaten dira?

-Hasteko Hiromik bere burua aurkeztu eta Rakugo zer den azaltzen du publikoaren aurrean eta horren ondoren Arantzazu, Maider eta ni hasten gara. Lehenik eta behin Japoniako kulturarekin lotutako bitxikeriren bat kontatzen dugu eta hortik aurrera oso zaharrak diren istorioak kontatzeari ekiten diogu. Hori bai, Japoniako rakugolariek egiten duten bezala egiten saiatzen gara, beraiek eseritzen diren bezala jarrita, beraiek erabiltzen dituzten kimonoak jantzita...

Ikuskizunaren sarrera Tokion bizi den Hiromi Yoshidaren esku bada.... noiz egiten dituzue zuen saioak Euskal Herrian?

-Lan kontuak direla eta, Hiromi pare bat aldiz etortzen da urtero Euskal Herrira bere ikerketekin jarraitzeko eta aste horiek aprobetxatzen ditugu Rakugo saioak jendeaurrean egiteko. Normalean otsaila-martxoan eta irailean etortzen da eta egonaldi bakoitzean hiruzpalau aste geratzen da gure artean. Beraz, aste horietan taularatzen ditugu aurretik landutako istorioak. Hainbat saio egiten ditugu Hiromi gurera etortzen den bakoitzean.

Eta zer egin behar dute erakunde, talde edota bestelako eragileek zuekin kontaktuan jarri eta saioren bat kontratatzeko?

-Hiromik kontu bat ireki du Facebook-en Azpeitiko Rakugo ekipoarentzat. Beraz, orrialde horren bitartez kontaktatu daiteke gurekin. Hori bai, Facebook-eko orrialdea Hiromik berak kudeatzen du. Beraz, baten batek sare hori erabiltzen badu gurekin kontaktatzeko jakin dezala Hiromiren erantzuna jasoko duela, euskaraz, noski.

Zer suposatzen du Arantzazu, Maider eta zuretzat euskararen bitartez Japoniako kulturaren adierazpen bat diren istorioak kontatzeak?

-Guk euskara maite dugu eta horregatik oso pozgarria da guretzat euskararen bidez kultura japoniarraren arlo txiki bat zabaltzea. Gainera, umiltasunez eta errespetuz egiten dugun lan hau oso aberasgarria eta pozgarria da guretzat.

Japoniarren kulturan murgilduta egonda, suposatzen dut Hiromiren herrialdea ezagutzera joateko gogoa izango duzuela, ezta?

-Egia da behin baino gehiagotan komentatu dugula ondo egongo zela Japonia ezagutzeko bidaiaren bat egitea. Gustatuko litzaiguke hara joan eta rakugolari profesionalak nola egiten duten lan ikustea. Nork daki, agian egunen batean...

Secciones