KULTURA

Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiko lehen web telesaila martxan dago Tabakaleran

Amaia Rojo eta Maialen Sorzabalbere Tabakaleran arituko dira ‘Puntu koma’ko gidoia lantzen.

Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo astebetez ‘2deo’n egonaldi bat egingo dute, ‘Puntu koma’ ikus-entzunezko proiektuaren gidoia borobiltzeko

Harri Fernández - Martes, 15 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

donostia - Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo zuzendariak Tabakaleran daude, jada, beraien goi mailako errendimendu egonaldia egiteko. Euskarazko Ikus-Entzunezkoen Laborategian (2deo) lehen web telesaila sortzeko lanetan arituko dira.

Sorzabalbere eta Rojo Next Station plataformak bultzatutako lehiaketa irabazi dute eta Andoni Imaz eta Kepa Errastik aurkeztutako lanen aurretik geratu dira. Orain zortzi minutuko sei kapitulu grabatu behar dituzte 4K teknologiarekin (ultradefinizioa). Web telesaila Interneten eskegiko da eta EITBn ere eskuragarri izango da. Aurretik, ordea, eskariaren araberako entretenimenduaren (Video on demand) espezializatutako zenbait jaialdietan aurkeztuko da.

Ikus-entzunezkoak Puntu koma izena du eta ospitale bateko gela batean girotuta dago. Bertan, koman dauden lau gaixoen senitartekoen istorioa kontatuko dute: “Bikote gor-mutua, bikote ijitoa, bi amek osatutako bikotea eta aurreiritziz betetako 65 urteko emakume tradizional bat elkarrekin bizitzera behartuta egongo dira, elkarren arteko harremanak onak ez diren arren, eta baita lankidetzan aritzera ere, gaixorik dauden beraien senideak eta senarra ezkutuan ezagutzen direla jakitean”. Aditu talde batek eta sare sozialen bidez lortutako bozek hautatu dute Puntu koma Next Stationeko irabazle.

Epaimahaiak azpimarratu du Sorzabalberek eta Rojok sortutako gidoiaren “originaltasuna”. “Suspensea izateaz gain, gizarte mailako eztabaida zabaltzen du eta lengoaia bikoitz hori da, hain zuzen ere, serieari indarra ematen diona”, adierazi zuten atzo ohar baten bitartez.

Modu honetan, Puntu koma telesaila Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan txertatzen den 2deo laborategiaren fruitu berri bat da -gazteen artean euskararen normalizazio prozesuan laguntzea bilatzen du-. Aurretik, martxoan, Aldundiak berak beste bi proiektuen emaitzak aurkeztu zituen: Go!azen transmedia proiektua eta Google Chromecast sisteman oinarritutako mugikorrentzako JarriOn aplikazioa.

atzotik, tabakaleran Sorzabalberek eta Rojok atzo hasi zuten beraien egonaldia Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan kokatzen den ikus-entzunezko laborategian. Astebetez modu intentsiboan lan egingo dute.

Web telesailaren gidoiari “azken ukituak ematea” izango da bere lana, “gidoilari eta zuzendari profesionalen laguntzarekin”. Joanes Urkixo eta Izaskun Arandia gidoilariak;Media Attack transmedia-agentziaren sor-tzailea den Diego Urruchi;Develop HUB komunitatearen sortzailea eta presidentea eta Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko berrikuntza masterraren koordinatzailea den Elbio A. Nielsen;eta Jokin Etcheverria, JOK films etxearen sortzailea, besteak beste, izango dira telesailaren gidoiaren nondik norakoak ikuskatuko dituztenak.

talentu gaztea Web telesailak bultzatzeko Next Station plataformak “formazioa” eta “talentu gaztea” sustatzeko helburua du. Sorzabalbere eta Rojo 1996an jaiotakoak dira. Lehenengoa Zuzenbide eta Komunikazio graduko ikaslea da. Bigarrena, aldiz, Historia ikasten ari da. “Bietako batek ere ez du esperientziarik aurretik ikus-entzunezko medioetan. Horrek argi eta garbi erakusten du Next Stationeko bazkideek formatu eta talentu berrien alde egiten duen apostua”, esan zuten.

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, EITBk eta Media Attack, Develop Hub eta JOK films ekoizpen etxeak, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Unibertsitateak lagundutako proiektu bat da Next Station, “ikus-entzunezko industria bultzatzeko” helburua duena, “euskaraz egindako ekoizpen lanak batez ere”, “sektoreko profesionalei eta amateurrei euren ideiak gauzatzeko aukera eskainiz”.

Atzo Tabakaleran hasi zuten egonaldia, baina martxoaren amaieran beste egonaldi bat egin zuten Mondragon Unibertsitateak Bilbon daukan Bizkaiko Berrikuntza Faktoria eraikinean. Bertan lehiaketaren azken faseari ekin zioten, finalera ere heldu ziren Andoni Imaz eta Kepa Errastirekin batera.

Secciones