Bote prontoan

Izenak

Karmele Jaio - Lunes, 14 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 09:21h.

Eskolako aita batek eskolako ama bati telefonoa eskatu dio. Alabei elkarrekin ateratako argazkiren bat bidali nahi diola esan dio. Ama horrek Amaia du izena, baina telefono zenbakia gordetzean gizonak "Iratiren ama" ida-tzi du eta horrela utzi du grabatuta haren izena, telefonoan eta baita bere memorian ere. Besteak nola ikusten ditugun jakiteko, pertsonen telefonoak zein izenekin grabatzen ditugun aztertzeak asko laguntzen du. Kasu honetan, adibidez, eskolako aita horrentzat Amaia ez baita Amaia, Iratiren ama baizik. Soilik Iratiren ama. Izenik gabeko emakumea. Amaia ikustean ez du emakume bat ikusten, beraz, bere alabaren lagunaren ama baizik. Amaiak aldiz, "Iñaki, Aneren aita" idatzi du bere telefonoan, Aneren aita izateaz gain bada behintzat harentzat gizon bat, pertsona ezagun bat, pertsona bat, azken finean.

Interesgarria izango litzateke jakitea besteek euren telefonoetan gure kontaktua zein izenekin gordetzen duten. Amaia, adibidez, eskolako aita honentzat "Iratiren ama" da, baina beste batentzat "Amaia Izaskunen laguna" izango da, edo "Amaia auzokidea", edo "Amaia lanekoa", edo "Amaia lehengusina", edo "Amaia Ondarru", bertakoa baita, urtetan Gasteizen bizi bada ere. Bakoitzarentzat Amaia diferente bat da, bakoi-tzari gauza bat datorkio burura Amaia ikustean, eta telefonoan haren zenbakia gordetzeko kondentsatu egiten dute berari buruz duten ikuspegia. Egia asko esaten dute gure begiradaz telefonoan gordetako kontaktuei jartzen dizkiegun izenek.

Ez dakit ona izango litzatekeen jakitea. Agian ez, agian hobe ez jakitea besteek nola gordetzen duten gure izena, ustekabe edota desilusiorik ez sentitzeko. Izan ere, agian, Amaiarentzat ez litzateke oso atsegina izango jakitea Iñakirentzat bera izenik gabeko ama bat dela, ama besterik ez. Agian ez luke ondo hartuko egiaztatzea ama izena oso potoloa dela, potoloegia, letra larriz idatzita datorrela beti, eta besteen begietara, gauza asko ezkutatzen dituela, emakumeen gorputz, buru eta nortasunaren aurretik jarritako pankarta handi bat balitz bezala. Amaren gai horrek, dena den, beste artikulu bat idazteko ematen du.

Secciones