Donostia

Behetik gora eta goitik behera, Egia hauspotuz

Aitor Ikastolak bazkari jendetsuarekin amaituko ditu ekainean 50. urteurreneko ospakizunak

A. Zabaleta I. Azurmendi - Domingo, 13 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

donostia - Egia auzoaren beheko aldean dago kokatuta Aitor Ikastolaren egoitza bat, Konkorrenearen hasieran. Auzoaren goiko aldean, berriz, bestea, Ametzagainan. Behetik gora eta goitik behera, auzoan eragiten daramatzate jada 50 urte, ikastola barrutik eta baita kanpotik ere.

Auzoan erabat txertatuta daudela eta beti auzotarrekin harremanetan egon direla nabarmendu dute, baita ere, urrezko ezteiak ospatzeko sortu duten abestian. Ostiralean aurkeztu zituzten kanta eta koreografia berezia ikasleek eta Egiaren hauspoa direla ere badiote: auzotar gehienek baiezkoa emango liokete horri.

Horregatik, ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohiez gain, gainerako egiatarrei ere zabaldu diete gonbita haiekin 50 urteak ospatzeko. Ikasturte osoa daramate ekitaldi bereziak prestatzen: txotxongilo emanaldiak egin dituzte, an-tzerkiak... Batzuk ikastetxean eta besteak auzoko kultur etxean. Garai bateko mendi irteera ere berreskuratu dute: Alkizan izan ziren duela aste batzuk ikasle, irakasle eta gurasoak eta erromeria ere ez zuten falta izan. Azken txanpan sartuta, ekainaren 2rako bazkari erraldoia antolatzen ari dira orain: festa egun borobila prestatu nahi dute Ametzagainako eraikinean, urtean zehar egin dituzten ospakizun guztiak borobiltzeko eta 51. ikasturteari indartsu ekiteko.

Izan ere, ospakizun urtea atzera begiratzeko ere aprobetxatu dute eta gaur arte egindako ibilbideari errepasoa egiteko. Hala, dokumental bat osatu dute ikastolaren historiaren inguruan eta hilaren 28an aurkeztu ondoren, 29tik aurrera ikusgai izango dute auzotarrek kultur etxean.

historia Atzera begiratzen du dokumentalak, 1967-68 ikasturtera. Orduan abiatu zituzten eskolak fraide batek, bi andereñok eta sei bat umek, Ametzagaina kalean La Pazeko mojei alokatutako gela batean eta gurasoek bultzatuta. “Ez zen legezkoa, noski, klandestinitatean ari ziren”, gogoratu du Julen Etxeberria zuzendariak. Hiriko beste auzo batzuetako eta inguruko herrietako eredua jarraituz, euskarazko irakaskuntza Egian ere nahi zuten, baita hezkuntza eredu berri bat ere. “Herritik sortu zen, auzotik eta auzoarentzat, inoiz ez du irabazi asmorik izan”, nabarmendu du Etxeberriak. Auzoarekiko atxikimenduaz gain, lankidetzan ere oinarritu zirela hasieratik azpimarratu du.

1971. urtean erosi zuten lehen eraikina Karmengo Amaren goiko aldean eta 1976.ean bi urteko haurrak hartu zituzten, garai hartan ikastola eta ikastetxe gehienek hiru urtetik aurrera hartzen bazituzten ere. Haur horiek hazi eta 1980. urtean hasi ziren Haur Hezkuntzaz gain garai hartako Lehen Hezkun-tza (OHO) ere eskaintzen, hamalau urte arteko ibilbidea eskainiz. Orduan iritsi zen, baita ere, erabateko legalizazioa, 1983. urtean.

Urte horietan zehar hainbat eraikinetatik pasatu zirela gogoratu du Etxeberriak eta ikasle kopurua hazten zen neurrian, gela gehiago behar zituztela. Konkorrenean kokatu ziren azkenean (garai bateko anbulategiaren lekuan) nolabaiteko egonkortasuna lortuz eta 1997an, berriz, gaurko Ametzagaina 40ko eraikina utzi zion Hezkuntza Sailak.

“badaukagu zer ospatu” Izan ere, ordurako publiko izateko erabakia hartua zuen Aitor Ikastolak, 1993.eko lege aldaketa zela eta. “Asanblada pila bat egin ziren, oso ondo landutako erabakia izan zen eta oso zaila. Zalantza handiak izan genituen”, azaldu du Etxeberriak. Egoera ekonomikoa kaxkarra zela eta, azkenean, bozketak erabaki zuen publifikatzea. “Eta ez gara damutzen”, aitortu du zuzendariak. Izan ere, gaur egun Aitor Ikastolaren nortasunaren ardatz direnak mantentzen dituztela dio: auzoan txertatuta egotea, euskal kurrikuluma eta euskarazko ereduan irakastea eta lankidetza.

Hezkuntza Sailaren baitan zailtasun ekonomikoak gaindituta, 2010ean eraikin berria estreinatu zuten Konkorrenearen 7. zenbakian eta bertan ari dira gaur egun gaztetxoenak, Haur Hezkuntzakoak eta LH2ra artekoak. Lehen Hezkuntzako gainerako ikasturteak osatzera Ametzagainako eraikinera igotzen dira ikasleak eta Bigarren Hezkuntza, berriz, Lauaizetan egiten dute.

50 urteren ondoren, “bizi-bizirik” jarraitzen du ikastolak, ia 350 ikasle dituela, “sendotuta auzoko bizi-tzan” eta hasiera bateko proiektu eta helburuak gauzatzen, Etxeberriaren esanetan: “Badaukagu zer ospatu”.