Hur Gorostiaga seaskako zuzendaria

“Gizartearekin dugun kontratoa ahal bezainbat haur euskaldun egitea da, kosta ala kosta”

“Euskal olatuak gaina hartuko du, mobilizatzeko prest gaude eta sinisten dugu euskaran”. Egoera larriari Seaskak aurre egingo diola ziur dago Hur Gorostiaga zuzendaria

A. Zabaleta - Domingo, 13 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Donostia - Egoera aldatzen ez bada, ikasturte berrian lau irakasle berri izango dituzue eta 230 ikasle gehiago. 40tik gorako taldeak izango lirateke... Hori posible al da?

-Onartezina da. Hipotesien artean ez dugu hori, lortu behar dugu bai ala bai. Bestela haurrak ukatu beharko genituzke eta hemen ikastola batek haur bat ukatzea da haur hori frantses elebakar izatera kondenatzea. Guk aukera hori ez dugu ikusten. Seaskak eta ikastolek gizartearekin duten kontratoa ahal bezainbat haur euskaldun egitea da, eta familia frantsesetatik badatoz, orduan eta gehiago. Hori da gure kontratoa eta beteko dugu kosta ala kosta. Baionako protestan lehen abisu bat eman genuen eta espero dugu Herri Urratsen Euskal Herri osoaren erantzuna izatea. Ez badizkigute postu gehiago ematen, legitimitate osoa izango dugu frantziar administrazioak gure ibilmoldea traba-tzen badu, guk haiena ere traba-tzeko. Oso argi dugu eskubide osoa dutela gure haurrek irakasleak izateko: gure gurasoek eta frantses eskoletakoek berdin ordaintzen dituzte zergak, beraz, irakasle postuetarako eskubidea dute.

Negoziazioak ondo zihoazela eta bat-batean aldaketa eman zela diozu.

-Bai. Paueko ikuskariarekin eta Bordeleko errektoreko ordezkariarekin negoziatzen dugu guk eta haiek pentsatzen zuten aurreko urteotan bezala Parisetik postu batzuk eskuratuko zituztela eta kalkuluak eginak zituzten. Irakasleak Hezkuntza Ministerioaren soldatapekoak dira Frantziako Estatu osoan, Parisek du erabateko kontrola horien gainean. Baina Parisetik martxoan esan zigutena da zero postu izanen ditugula aurten eta datozen hiru urteotan ere ez digutela postu bat ere emanen. Egoera oso, oso larria da. Frantziako Gobernu aldaketarekin etorri da aldaketa, beste politika bat dauka. Nahiz eta Macronek hauteskunde kanpainan hitz eman zuen hizkun-tzen legea eginen zuela eta postuak emanen zituela, badirudi azkar ahantzi duela.

Epaitegietara jotzeko aukerarik badaukazue?

-Ez, ez genuke ezer lortuko, gu ikastetxe pribatu gisa kontsideratzen gaituzte legearen arabera eta ez dago legerik erraten duena zenbat ikasle izan behar diren geletan. Gako guztiak haiek dituzte.

Euskararen Erakunde Publikoa bitartekari lanetan aritu da. Zer dio?

-Hezkuntza Ministerioarekin aurretik izandako gatazkak saihesteko bitartekari lanak egiten ditu azken urteotan eta haiek ere ikusten dute lau posturekin ezin dugula gure ikasturtea antolatu. Badago egoera arraro bat, ulertezina. Adierazten du Parisen ez daukatela ideiarik ere zer pasatzen den hemen, beraientzat hizkuntza gutxituek ez dute inolako inportantziarik, bost axola zaie irakasten den, nola edo zer mediorekin irakasten den. EEP nahiko isilik dago momentuz, baina badakigu gauzak mugitzen ari direla barnetik. Ordezkari batzuk izan ziren Baionan eta Max Brissonek ere publikoki bat egin du gure eskariarekin, irakasle gehiago izateko eta hezkuntza sistema propio bat martxan jar dadin Ipar Euskal Herrian.

Egoera berez aplikatzen zaizuen legean oinarria daukala diozue, horregatik araudi berri baten beharra ikusten duzue.

-Bai. Pauekoak edo Bordeleko ordezkariak datozenean, behartuta datoz, ez dute tokiko ezagutzarik, ez dute inolako sentsibilitaterik euskararekiko. Inmersio sistema ez dute ulertzen. Pauko Pierre Barriere ikuskariak lau urte daramatza eta oraindik ez du ezer ulertu. Seaska hazkunde betean dago, baita eskola elebidun publiko eta pribatuak, baina hark ez du sistema ulertzen. Horregatik ikuskari propio bat eska-tzen dugu Ipar Euskal Herriaren-tzat. Beste herrialdetan badaude inmersio sistemak, baina Ipar Euskal Herrikoak du indar gehien: egun haurren %40 baino gehiago, ia %50, inmersio sisteman edo sistema elebidunean ari da, eskola publiko eta pribatuetan, eta hori beste lekuetan ez dago. Horregatik Parisi eska-tzen diogu kontuan har dezan Ipar Euskal Herriaren berezitasuna eta Euskal Elkargoa sortu den bezala hemengo aferak kudeatzeko, Pauetik edo Bordeletik ezin zelako, hezkuntzan ere hemengo egitura sor dezan.

Elkargoak badauka zer esana kontu hauetan?

-Ez du hezkuntza arloko konpeten-tzia, baina sortuz geroztik Etxegaraik esan du ikastolak eredu bat direla, tokian lan egiteko eta antolatzeko eredu bat direla, eta mezu argi bat botatzea espero dugu.

Oztopo hauek kontraesankorrak dira Seaskako datuekin. Hazten jarraitzen duzue eta horrek pozgarria behar luke izan.

-Ikastolak %5 ordezkatzetik %10 ordezkatzera pasatu gara, bikoiztu dugu gure pisua %80 igota azken urteotan. Erritmo horretan jarrai-tzea espero dugu eta %20tik hurbil izanen gara, gora eta gora ari gara eta gero eta pisu handiagoa hartzen. Hollanden Gobernuak traba egin zigun eraikuntzekin, Hendaiako ikastola diru publikoarekin egiteko oztopoak jarrita, baina ez zuen lortu: mobilizatu ginen, lortu genuen prefetaren agiria baimentzen zuena Hendaiako ikastola egitea eta ikasleak han daude orain. Badirudi orain gobernu berri honek erasotu nahi gaituela irakasle postuen aldetik. Bakoitzak bere esperimentazioa egiten du. Ez dakitena da ezinezkoa dela itsasoari harresia jartzea, itsasoak beti gaina hartzen duela, euskal olatuak gaina hartuko duela. Mobilizatzeko prest gaude eta sinisten dugu euskaran.

Egoera honetan, aurtengo Herri Urrats zuen aldarria ozenago egiteko baliatuko duzue.

-Baionako protesta bikaina izan zen, irakasle eta ikasle guztiak han zeuden, gurasoak ere bai, lan eguna izan arren. Herri Urrats Euskal Herri mailako oihu bat izatea nahiko genuke, Parisen entzun dezaten herri honek ikastolak sustengatzen dituela eta bere hizkuntzaren irakaskuntzan sinisten duela: bozgorailu handi bat izan behar da Parisen deseroso sentitu daitezen eta behartuak izan daitezen mahai batean eseritzera eta hitz egitera heldu den irailerako postuetaz eta baita ere datozen urteotako postuetaz. Gobernu berriarekin gauzak aldatu dira eta erran beharko digute zer asmo duten gurekin, ito nahi gaituzten edo, alderantziz, gure hazkundea lagundu nahi duten.