Abian da berriz Ordiziako natur eskola proiektua

Ordiziako Oiangu parkean, herriko ikastetxeeako haurrak Arantzadi elkarteko kideekin batera.

Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako 540 umek parte hartuko dute dinamikan

M. Aranburu - Sábado, 12 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

ordizia - Iazko maiatzean eman zioten hasiera lehenengoz Ordiziako Oianguko natur eskola proiektu berriari. Dinamika hau Aranzadi zientzia elkartea eta Ordiziako udalaren artean antolatua izan zen, eta lehen edizioko harrera onaren ondoren, esperientzia berriz ere errepikatzea erabaki dute.

Gauzak horrela, eskaintza zabaltzea erabaki zuten iaz eta Lehen Hezkuntzako 3. ziklokoez gain, 2. zikloko haurrak ere parte hartzen ari dira dinamika berri honetan. Hala, naturan egiten diren ekintzetan 8 eta 12 urte bitarteko Ordiziako ikastetxeetako, Jakintza eta Urdaneta, haurrak Oiangura joaten dira Aranzadiko hainbat begiraleekin batera eta bertan egun osoko jarduerak egiten dituzte, ingurua deskubrituz.

Egitasmo honen bitartez, herriko txikienak, bertako ingurune naturalera gerturatu nahi dira, horretarako Ordizian dagoen parke handi hau erabiliz. Hilaren 30ean bukatuko da esperientzia hau eta denera, herriko ikastetxeetako 540 umek parte hartuko dute.

naturaz gozatuz Eguna naturaz inguratuta igarotzen dute ikasle eta irakasleek. Hasteko, Oiangura oinez igotzen dira eta bertan pasatzen dituzte goiz eta arratsaldea. Jolas librerako astia ere izaten dute haurrek, haien kabuz naturarekin erlazionatu daitezen. Orokorrean, jolas eta tailerretan oinarritzen dira saioak, non ikasleak beraiek diren protagonista eta haiek dira Oianguko bitxikeria eta altxor guztiak deskubritzeaz arduratzen direnak.

Azken finean, natur eskolarekin gaztetxoek naturarekin esperien-tzia zuzenak izatea lortu nahi da eta horrekin erlazio afektibo bat sor-tzea. Hala azaltzen dute antolatzaileek: “naturarekiko errespetuzko jarrerak bultzatzea da proiektu honen helburu nagusietako bat, naturari buruz ikastearekin batera. Izan ere, ingurune naturaletatik geroz eta urrunago gauden gizarte honetan, honekiko ezagutza ugari galtzen ari gara”.

Horrez gain, gogorarazten dute zenbateko onura ekartzen duen ingurune berde batekin harremanetan egoteak eta onura horiek umeen ikasketa prozesuan bereziki garrantzitsuak bilakatzen direla nabarmendu dute: “gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen dute, harremanak sendotzen laguntzen dute, konzentrazioa handitzen laguntzen dute eta besteak beste, gaixotasunak paira-tzeko arriskua murrizten da”.

Secciones