GIZARTEA

Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria abian du Hondarribiak

Argazkiko Kalean Kantuz bezalako ekimenek planaren ekintzen artean jarraitzen dute.

Eragileekin osatu den Aholku Batzordea izango da jarraipenerako tresna nagusia

Xabier Sagarzazu - Sábado, 12 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

hondarribia - Formalki apirilaren 27ko Udalbatzan eta aho batez onartu bazen ere, Hondarribiko Udalak abian ditu dagoeneko 2018 eta 2022 urteen arteko epea hartuko duen bere laugarren Euskara Sustazeko Ekintza Planaren zenbait egitasmo.

Plan berri honek, beste behin, “Hondarribian euskararen ezagu-tzak (%70ean dagoenak) eta erabilerak (%24,6an) daukaten alde haundi hori murrizteko helburu nagusia” daukala azaldu dute Txomin Sagarzazu alkateak eta Arantxa Berrotaranek, Euskara arloko zinegotzi-buruak.

“Hori lortzeko, plan estrategiko honek 50 neurri inguru biltzen ditu, guztira hamalau esparru nagusitan banatuta: Familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze eta alfabetatzea, administrazioa, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, hedabideak, euskararen kalitatea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa”, azaldu dute udal gobernuko arduradunek.

berritasuna Hondarribiko laugarren Euskara Sustatzeko Ekintza Plan honen berritasunetako bat Euskararen Aholku Batzordea sortzearena da. “Aholku batzorde honen sorrera-bilera apirilaren 10ean egin zen, hiriko elkarte eta eragileekin batera. Bilera oso positiboa izan zen, guztiok egiaztatu ahal izan genuelako Hondarribian euskararen erabilerak duen mailaren inguruko kezka partekatzen dugula eta honi guztion artean eta guztion ekarpenekin bultzada nabarmena emateko gogoa eta asmoak daudela”, azaldu du Sagarzazu alkateak.

Euskararen Aholku Batzorde honen senean merkataritza eta ostalaritza, hezkuntza eta kultura eta kirola eta aisialdia ardatz izango dituzten hiru azpibatzordetan lan egitea ere erabaki da.

“Batzordea oso tresna ona izango delakoan gaude, ekintzen xehetasunak eta egindakoaren balorazioa jende askoren artean landu eta partekatzearekin, ikuspuntu desberdinetatik ikusi eta landu ahal izango dugulako euskararen erabilera bultzatzea”, esan zuen Sagarzazuk.

euskaraldia, mugarri Ekintza plan honen baitan, datozen hilabeteetako erronka nagusiena “Hondarribian, Euskal Herriko beste txokoetan egingo den bezala, Euskaraldia bultzatu eta honekin euskararen erabilera mailan aurreran-tzako mugarria jartzea” izango dela azaldu du, bere aldetik, Arantxa Berrotaran zinegotziak.

Udalak, datozen egunetan, webgunean jarriko du eskura 2018-2022 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.

Secciones