GIZARTEA

Emakumeen Etxea diseinatzen hasiko da

Berdintasun saileko zinegotzia eta teknikaria, Prometea elkarteko eta Berdintasun Kontseiluko kideekin.

Parte-hartze prozesua datorren asteartean abiatuko du Berdintasun sailak

Ane Roteta - Viernes, 11 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - Emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunaren alde lan egitea da Zarauzko Udalaren helburuetako bat, eta Berdintasun sailaren hurrengo erronka Emakumeen Etxea sortzea da. Ondorioz, datozen hilabeteotan egitasmo hori abian jartzeko parte-hartze prozesua jarri du abian Udalak.

Gloria Vazquez zinegotziak prentsaurrekoan azaldu zuenez, Emakumeen Etxearen kokapena gaur egun dagoen turismo bulegoaren lokala izango da, hutsik geldituko baita udazken inguruan (turismo bulegoa Kale Nagusiko Maza lokalera lekualdatuko da). Bitarte horretan, prozesu parte-hartzailea jarriko dute martxan, “Emakumeen Etxea eraikitzea emakume guztion ardura delako eta emakume guztiona izango delako”. Horretaz gain, emakumeek espazio fisiko bat edukitzea “funtsezkoa eta lagungarria” izango dela iritzi zuen.

Herriko emakume guztiak daude gonbidatuta lansaioetara, baina deialdi berezia egin diete emakume gazteei.

Prentsaurrekoan adierazi zutenez, Berdintasun Kontseiluak dagoeneko lan bat egina du gai honen inguruan, eta prozesua ez da hutsetik abiatuko, nolabaiteko abiapuntu bat badutelako. Gauzak horrela, prozesuak hiru saio izango ditu. Lehena asteartean, maia-tzaren 15ean, egingo da, 18.00etatik 20.00etara Etxezabalan. Mahai-inguru formatua izango du saio, eta Donostiako eta Azpeitiko Emakume Etxeen esperientziak ezagutuko dituzte, kanpoko ekarpenekin Zarauzko etorkizuneko espazioaren hausnarketa abiatzeko.

Hurrengo saioak, berriz, hilaren 22an eta 29an egingo dira (18.00etatik 20.00etara), edukietan sakon-tzen jarraitzeko, “gure helburuak plazaratzeko, ditugun beharrak zein diren ikusteko, eta Emakumeen Etxea nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeko”.

Prozesuaren ondoren, ateratako emaitzekin Udalak dagozkion erabakiak hartuko ditu, eta 2018 urte amaieran edo 2019 urtearen hasieran Zarauzko Emakumeen Etxea zabaltzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Secciones